XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beno ba, bi bikote hauei esker guk txalaparta ezagutu dugu.

Txalaparta, gure soinu tresnen artean esango nuke bereziena, kurioso edo misteriosoena.

Bikote hauekin ez dugu ezagutu bakarrik, jotzen ikasi ere egin dugu.

Beraiek mantendu duten tresna hori, joera hori, musika hori, guk orain aukera dugu testigua hartu eta aurrera egiteko.

Gaur egun txalapartaren egoera erabat aldatua dago.

Hasteko, gaur egun txalapartari asko daude.

Euskal Herrian zehar ekintza sozial askotan presente egoten da txalaparta, bere funtzionalitatea orain berrogei urte baino askoz ere zabalagoa da gaur egun.

Baita geografikoki ere aldaketa handia izan da.

Hirurogeiaen hamarkada horretan Donostia inguruan (Lasarte, Astigarraga, Amara, Hernani, Usurbil...) kokatzen bazen azkeneko putzua, gaur egun Euskal Herriko eskualde guztietan aurkitu ditzakegu txalapartariak.

Txalaparta: Berezitasunak euskal organologiaren barruan.

Askotan aipatzen ditugu gure soinu tresna autoktono edo herrikoia, gureak bakarrik izango balira bezela.

Gureak dira noski, bainan kasu gehienetan edo denetan esan dezakegu gure tresna horiek Unibertsalak direla ere.

Bi alde, bi konponente dituzte: Bata ezaugarri orokorrak, akustikoak, tinbrikoak etab. munduko beste hainbatekin lotzen dituztenak eta horiekin batera katalogatu ditzakegu.

Bestea lekuko berezitasunak: Nor jo, zer, non, zertarako, nola....

Hor daude katalogatzeko tresnen taldeak: mingain batekoak, bikoitzekoak, menbrana dutenak, aireofonoak, eta abar, beren karakteristiken arabera.

Gure soinu tresnak alde hortatik Unibertsalak dira eta talde horietan jokatu ditzakegu bariante bezala.

Nik uste dut Euskal Herrian talde guztietako tresnak ditugula, denetatik zerbait.

Bestalde bertako konponentea, lekuko berezitasunak.

Adibide bat.

Txistua: Flauta bat da, zuzena, hiru zuloduna... Hauek konponente unibertsalak dira.

Bestalde, bere joleak, joerak, funtzioa, erabilera, doinu eta erritmoak, lekuko konponentea izango ziren, leku bakoitzean ematen zaizkion berezitasunak.

Txalapartak ere badu horrelako zerbait.

Txalaparta klasifikatu dezakegu idiofono kolpatua bezala edota perkusiozko tresna bezala.

Honaino ez dago gauza berezirik, bainan begiratzen badugu beste Euskal soinu tresnetara (txistu, dultzina, alboka, panderoak, sokazko tresnak, etab.) inguruko herrietan aurkitu ditzakegu antzekoak joera eta itxura aldetik.

Ez bakarrik gertuko inguruan, Europa guztian eta uste dut mundu guztian aurkitu dezakegula antzeko zerbait.

Txalapartaren kasuan ez da horrelakorik gertatzen.

Ez bere itxuragatik eta ezta ere bere joera aldetik ez dugu gure inguruan horrelakorik topatzen.

Ez dut esan nahi ez dela izan horrelakorik.

Orain behintzat ez ditugula ezagutzen eta ez dakigula izan diren edo ez.

Seguraski izango ziren eta hemen geratu da azkeneko putzua.

Seguraski izan direla diot bainan guzti hau ezin da zihurtatu.

Nola lotu dezakegu txalaparta munduan zehar dauden beste soinu tresnekin? Hainbat etnomusikologoek aipatzen dituzten erritmozko bastoiak eta pateadores-ekin zerikusia duela uste dut.

Zergatik? Ba, esate baterako makilak hartzeko moduagatik, bertikalki jotzeagatik, ia beti lanarekin lotuak (...).